Pieter Bruegel Zaharra
Pieter Bruegel Zaharra | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Breda eta Bree, 1525 |
Herrialdea | Brabanteko dukerria |
Talde etnikoa | Flandriarra |
Heriotza | Brusela, 1569ko irailaren 9a (43/44 urte) |
Hobiratze lekua | Church of Our Lady of the Chapel (en) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Mayken Coecke (en) (1563ko uztailaren 25a - |
Seme-alabak | |
Familia | ikusi
|
Leinua | Brueghel (en) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa nederlandera |
Irakaslea(k) | Pieter Coecke van Aelst (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, grabatzailea eta marrazkilaria |
Lantokia(k) | Anberes Italia Anberes Brusela Malinas eta Erroma |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Kidetza | Anberesko San Lukas artista elkartea |
Mugimendua | Dutch and Flemish Renaissance painting (en) Northern Renaissance (en) |
Genero artistikoa | Northern Renaissance (en) paisaia margolaritza erretratua izadi hila animal art (en) Itsas ikuspegia |
Pieter Bruegel Zaharra (1525, Breda, Brabanteko dukerria – 1569ko irailaren 9a, Brusela, Brabanteko dukerria) flandriar margolari bat izan zen, bere margolanetan batez ere paisaiak eta baserritar edo landa giroko gaiak lantzen zituen. Italiako Errenazimentuaren aitzindari, Flandriako XVI. mendeko margolaritzaren artista gailen honek eragin handia izan zuen bere garaiko Holanda aldeko margolarien artean.
Jaiotzezko izena Brueghel bazuen ere, 1559tik abizeneko 'h' letra kendu eta Bruegel izenarekin izenpetu zuen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pieter Bruegel Zaharra 1525 inguruan jaio zen, leku ezezagun batean, Hertogenbosch inguruan seguru asko, eta 1596. urtean hil zen Bruselan.
Hasieran marrazki eta grabatuak egin zituen batez ere, baina koadroek eman zioten ospe handiena ; 1557. urte ingurutik aurrera murgildu zen pinturan buru-belarri. Paisaiak eta nekazarien bizitzako xehetasunak margotu zituen batez ere, nahiz eta Anberesen eta Bruselan jardun zuen lanean eta ez zen bizi izan landan.
Bruegelen bizitzari eta ikasketei buruzko datu askorik ez dago. Anberesen trebatu zen Pieter Coecke Van Aalstenen lantegian. Coecke gizon ikasia zen eta italiar zalea, baina hareneta Italiako artearen eragina azkenaldiko obretan bakarrik, 1563az ondokoetan, nabarmendu zen Bruegelen obran. Bruegelen pinturan eragin handia izan zuen Boscok, haren hainbat obra imitatu zituen, nahiz eta Bruegelek hark baino ikuspegi zuzen eta errealistagoa eman zuen bere irudietan, eta bizitzako alor askotan hura bezain misteriotsua izan zen. Kultura handiko gizona bide zen, humanistekin harremanak izan zituen eta Habsburgotarren babespean aritu zen. Bere garaiko egoera azaltzen duten hainbat osagai txertatu zituen bere obretan, eta nolabait obra konprometituak egin zituela esan daiteke, baina objektibotasun handiz adierazi zituen, halere, xehetasun pintoreskoak.
Coeckerekin lan egin ondoren Hieronymus Cock grabatzailearekin lan egin zuen. Haren eskaerari jarraituz, Italiara bidaiatu zen 1552an. 1553an Erroman hartu zuen bizitokia eta Clovio miniaturagilearekin lan egin zuen han, marrazkigile eta margolari gisa ; urte hartakoa da Bruegelen lehen koadroa, nahiz eta 1557az gero hasi zen gainerako jarduerak alde batera utzi eta koadroak egiten. Bere estiloari dagokionez, ezin esan daiteke Italian bidaia hartan ikusitako monumentuek eta Berpizkundeko arteak edo eredu klasikozaleek Europa iparraldeko beste artista batzuei adina zirrara eragin zionik, azken urteetan izan ezik ; aldiz, hunkitu egin zuten hango, eta bereziki Alpeetako eta Siziliako, paisaiak, bidaia hartan egindako marrazki bilduma bikainak erakusten duenez (Reggio de Calabriako ikuspegia, Napoliko golkoarena ikuspegia...).
Konposizio libreko marrazkiak dira gehienak, bidaiko zenbait gairen konbinazioak, eta horietako asko Cockek bere grabatuak egiteko eskaturiko diseinuak dira ; Bruegelek laguntzaile izan zuen ParsajE handiak (1555) grabatu sailean.
Anberesa itzulirik, grabatuak egiteko marrazki anitz egin zituen: ontziak, ikuspegiak, eszena satirikoak, etab. 1556 ondoko urteetan aldaketa bat gertatu zen Bruegelengan. Pinturari ekin zion 1557 inguruan. Urte horretatik aurrerako koadroetan paisaiaren azterketari baino garrantzi handiagoa eman zion gizakiari ; dena dela, ez zuen erabat baztertu paisaia, eta horrela, paisaian oinarrituriko irudi guztietan bada elementu narratiboren bat, eta alderantziz, nagusiki narratiboak diren pinturetan paisaiak ere badu esanahi jakin bat. Irudi satiriko, didaktiko eta moralizatzaileak egiten hasi zen, eta bere koadroetan gizakien ahultasunak eta grinak adierazteko ahalegina egin zuen. Boscoren estiloari jarraituz, irudi ia absurduak marraztu zituen, irudi fantastiko eta groteskoak ; herritar limeak agertzen dira Bruegelen garai honetako obretan, multzo handietan eta koadro guztian han-hemen barreiaturik, gehienetan, goitik begiratuta. Pinturan buru-belarri sartzeko arrazoien artean aipagarriak dira, batetik, paisaia eta gizakia, bi aztergaiak, uztartzeko grina sortu zitzaiola, eta bestetik 1563an ezkondu eta Bruselara aldatu zelarik Cock grabatzailearekiko lotura eten egin zela, eta ez zuela harentzat ordu arte bezala marrazkiak eta diseinuak egiten jardun beharrik. Erlijio gaiak, gai mitologikoak eta herri folkloretik harrerak erabili zituen, Boscok bezala, zenbait koadrotan, adibidez flandriar esaerak (1559 ; Staatliche Museum, Berlin), Herioren garaipena (Prado, Madril) edo Haur jolasak (1560 ; Kunsthistorisches Museum, Viena) obra bikainetan. Erlijio gaiak 1562- 1567 artean landu zituen batez ere ; aipagarriak dira, besteak beste, Babelgo dorrea (Kunsthistorisches Museum, Viena) eta Margogintza (National Gallerie, Londres).
Lehen koadroetan Bosch-en eragina ageria da; kolorea era berezian erabiltzen du, eta xehetasunetan asmamen joria erakusten: Aingeru errebeldeen erorrera, Herioaren garaipena. Bruegelek bere koadroetan herritarren bizimodua azaldu du, lana, jokoak eta borrokak, betiere ondo nabarmenduriko ikuspegi batean kokatua. Halaxe ageri da Aroak sailean: Ehiztariak elurretan, Belar ebaketa, Uzta. Beste zenbaitetan, gizonaren patu tragikoa agertzen du: Itsuak, Eskaleak. Dena den, herritarren ohiturak dira haren gai nagusia: Kermesa, Eztei oturuntza. Zenbait lanetan bere garaiko gertaerak islatu bide zituen (miseria, espainiarren agintea, Erreforma), baina askotan horien zentzua ilun geratzen da. Zenbaitetan flandiarren literatura edo ahozko tradizioa hartu zuen iturri gisa. Atsotitzak sailean obra osoaren izaera satiriko eta moralizatzailea nabarmenagoa da.
Bibliatik hartu zuen, halaber, Itsuen parabola koadro ikusgarrirako gaia (156b), baina gaiaren ikusmolde berezia agertzen du bertan, eta fanatismo guztietatik urrundu nahi izan zuen haren bidez. Koadro horretan agertzen da, era berean, Bruegelen azkenaldiko lanetako kezka nagusietako bat, mugimenduarena hain zuzen, batez ere erortzen ari diren gorputzei buruzkoa. Europan egindako koadro bikainenetakoa da.
1564-1565 inguruan italiar artisten eragina nabarmentzen hasi zen Bruegelen koadroetan. Irudi gutxiago egiten hasi zen, eta irudi soil baina aldi berean monumentalak egin zituen, elkarren alboan pilatuta, espazio txikietan. Bereziki azpimarratzekoa du Eztei dantza (1566, Institute of Arts, Detroit), landa giroa hobekien islatu zuen obra. Nekazari baldar, handi eta trauskilak agertzen dira, baina aldi berean halako arrandia ere badute. Kolore lauetan egina da, itzalik gabe, eta konposizioa orekatua eta monumentala da, italiar maisuen lanetan gertatzen zen bezala.
1565 inguruan, bestalde, paisaiari heldu zion berriro, Hilabeteak sail bikainarekin ; obra horrek Europa iparraldeko paisaien pinturaren tradizioa eraberritu zuen guztiz. Sail horretako bost irudi gorde dira gaur arte, besteak beste, Behi taldearen itzulera eta Ehiztariak eltrr - retarz (Kunsthistorisches Museum, Viena), baina kasu honetan, gainera, paisaia gizakiak diharduen ingurunea baino gehiago da : izadia da gai nagusia eta anekdota hutsa berriz gizakia.
Azkenaldiko obretan estilo aske eta originala erabili zuen, kolore bizi eta intentsitate handikoekin ; perspektiban eta proportzioetan efektu ikusgarriak lortu zituen. Aipagarriak ditu, aurrekoez gainera, Eztei oturuntzak eta Nekazarien dantzaldia (Vienako Kunsthistorisches Museumen biak).
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo loturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pieter Bruegel Zaharra |
- Pieter Bruegel Zaharrari buruzko webgunea (Ingelesez)
- Pieter Bruegel Zaharraren margolanak ikusgai (Ingelesez)